Articulo


 
ALBOKA

Egilea:
Ibon KOTERON
Esker bereziak eman behar dizkiet MANU GOJENOLAri eta, argazkiengatik, gure anaia AITOR COTERÓN-i. 
Atalak:
1. MUSIKA TRESNA EZAGUTZEKO
  1.1 Albokaren zatiak
  1.2 Nola heldu musika tresnari
  1.3 Hotsa igortzea
  1.4 Alboka eta bere zatien neurriak
  1.5 Albokaren eskala
2. ALBOKAREN TRADIZIOA
  2.1 Albokariak (edo "albokeroak")
  2.2 Albokaren ahaideak
  2.3 Albokaren musika tradizionala
  2.4 Egungo alboka
3. OINARRIZKO DISKOGRAFIA
4. BIBLIOGRAFIA HAUTA


1. MUSIKA TRESNA EZAGUTZEKO


1.1 Albokaren zatiak

 BIDEOA  Leon Bilbaoren albokaren panoramika, Arte(ag)a.

Begiratu orduko deigarriena izan arren, alboka (albokea, esaten zuen beti Leon Bilbaok, albokak ere erabilia izan da) ez da "adar" bat, ez behintzat hotsaren eraketari dagokionez. Hotsa bi kanabera mihi-bakun txikitatik sortzen da (ikus argazkiak) eta ez ezpainen bibraziotik, ehiza eta deiarako adarretan, tronpeta, tronboi eta gainerakoetan bezala.

Hala ere, bere erro etimologikoa al-bûq-en dagoela egia bada behintzat, hitz berak "adar" esan nahi du, horn anglosaxoiaren baliokide generikotzat hartzen baitut. Hitz oso egokia horn-pipe da (1). Nire bitartez musika tresna ezagutu zuten adiskide nafarrek "el cuernico" esaten zioten.

"Cuernico" delakoaz gainera (albokarientzat adar aundie), bada benetan txikia den bat, adar txikie. Zenbaitetan zurezko aho batzuek ordezten dute, non fita izenekoak (fitek)dauden, tradizioz bi kanaberatxo, esan dugun bezala, izen horri dagokion funtzioa betetzen dutenak.

 

 
 
 
FITA TRADIZIONALAK ADAR TXIKIAN. EGURREZKO AHOA DUEN ALBOKA, "MUNDI" FLORESEK EGINA, SANTURTZI.
 
 
 

Mutur batean itxita dauden kanabera zilindriko hauen gainean (antzina kanaberaren korapiloak berak itxita, gaur egun tapoiez ere bai) mutur itxitik irekirantz luzerako ebaketa partzial bat egiten da, horrela mihi batek edo kanaberaren xafla batek dar-dar egiten du oinarri gisa erabiltzen duen gainerakoaren gain.
 


 
FITAK GOMAZKO TAPOIAREKIN, JOSE ANTONIO MARTINEZ OSESSEK EGINAK, OTAZU. BEGI HORRETATIK EBAKITZEN DA MUTURREKO KORAPILOA ERRESPETATUZ.

FITAK EGITEKO PROZESU TRADIZIONALA
 


 
ZERTXOBAIT OKERTUTAKO EBAKIDURA. ESKUMUTURRAREN BIRAKETA XAFLA ALTXATZEKO.

 
XAFLA ALTXATZEN. NORBERAK NAHI DUEN NEURRIRA LUZATU.

Zirrikitutik sartutako ile batek (2) mihia oinarrira itsatsita gelditzea eta fita "itotzea" eragozten du. Haren ondoan harizko eraztun batek afinazioa doitzeko balio du, mihiaren zati bibratzailea laburtuz edo luzatuz.

Gaur egun mihiak aparte dituzten plastikozko edo zurezko oinarri estandarrak egiten dira, klarinetearen modukoak, baina txikiagoak. Izan ere, mihi bakuneko musika tresnak klarinete gisa ezagutzen dira generikoki.
 


 
FITAK EGURREZKO OINARRIAREKIN, JOSEBA GAZTIAINEK EGINAK, ANTZUOLA. FITAK PLASTIKOZKO OINARRIAREKIN, JOSE ANTONIO MARTÍNEZ OSSESEK EGINAK.

Fitek sortzen duten hotsa bi hodi zilindriko estuk transmititu eta aldi berean modulatzen dute, tradizionalki kanaberazkoak, naturak ematen duen hodia (3). Gaur egun zurean ere torneatzen dira &#x0096hiru eta bost zulo hurrenez hurren, lehenak batera ildokatuak hodiaren mutur irekitik ahorantz. Adar (4) handiak erresonantzia pabilioiarena egiten du, eta multzo osoa batzen duen zurezko uztarrira (bustarrie) iltzatuta egon daiteke edo ez.


1.2 Nola heldu musika tresnari

Albokari klasikoek eusten zioten bezala heldu behar zaio. Leon Bilbao (Arte(ag)a 1916-1990) eskuina eta Txilibrin (Igorre 1912) ezkerra izanik, esku nagusiaren hatz nagiak, erdiko hatzak eta hatz erakusleak beheko hiru zulo pareak estaltzen dituztela ikusten dugu. Beste eskuko erdiko hatzak eta hatz erakusleak berriz, hodi ezkerraren goiko bi zuloak estaltzen dituzte. 
 
 BIDEOA  Leon eta Mauriza
 BIDEOA  Txilibrin

Alboka guztiak eskuinentzat eginak dira: Leonen eta Txilibrinen jarrerak berdinak izan zitezen, bigarrenaren albokari bost zuloko hodia bestearen eskuinera jarri beharko zitzaion (5).
 


BEGIEK ENGAINATZEN GAITUZTE, EZ LEONEK JOTZEN ZUEN JARRERA HORRETAN, EZ ALBOKEK ZITUZTEN HOR ZULOAK.

Uztarri guztiak ez dira erosoak, diseinuaren zailtasunak zerikusi handia du horretan. Erreferentzia gisa pertsona eskuin bat hartuz: eskuineko eskuko erpuruak erdiko hatzaren bertikalean gelditu behar du eta harengandik ahalik eta hurbilen, horretarako behar bezala kokatutako zuloa behar da uztarrian. Beste bat ezkerreko eskuko hatz txikia eta hatz nagia sartzeko, alboka albokariaren aurpegiaren kontra estutzen dutenak, hain zuzen. Ezkerreko erpuruak adar txikian bermatu behar du, muturrean edo uztarriarekin elkartzen den tokian.
Eskuineko hatz txikiak pabilioia eutsi ohi zuen askatuta zegoenean, jarrera ezerosoa zen ordea. Airean, gorantz seinalatuz, ez da, egia esan, oso estetikoa. Hobe dago beherantz edo pabilioiaren ondoko uztarrian bermatuta. 

 


 
TXILIBRINEK EGINIKO ALBOKA. IMANOL ATXA GOITIAK EGINIKO ALBOKA, BILBAO.


1.3 Hotsa igortzea

1.3.1 Putz egiteko prestatzea

Presio pixka bat egin behar da aireak ez dezan aurpegiaren eta adar txikiaren artetik ihes egin. Fiten mutur itxiak ezpainen azpian jarri behar dira. Ahoa ez da gehiegi ireki behar. Putz egiten hasterakoan mihia ebakortzen atzeko aldetik erretiratu behar da, "te" letra ahoskatzen dugunean bezala, ahots hariek egiten duten hotsarik gabe, putzarekin besterik ez. Horri "mihi kolpea" deitzen zaio; esamolde nahasgarria, mihiak egiten duena erretiratzea baita. Horrela soilik has gaitezke zehazki putz egiten.

1.3.2 Arnasaldi edo haize emate jarraitua

a) Zertaz dihardugu?

Gauza jakina da alboka jotzeko gelditu gabe putz egin behar dela (nahiz eta zenbaitek uste hots jarraitua ahosoinu batean bezala lortzen dela, txandaka putz eginez eta arnasa hartuz).

Hitz zuzena "haize emate" jarraitua izan arren, kaleko hizkeran arnasaldia esaten zaio. Horrek badu bere zentzua, putz egiteko lehendabizi arnasa hartu behar baita. Gure kasuan tarteka egin behar da, putz egiteari utzi gabe, soilik albokarena ez den antzinako teknika bati jarraituz. (Pío Lindegaard zenak, jazz-i buruzko ["Bateria eta Kontrabaxua] irrati programa Bilbon zuzendu zuena mende erdiz, behin galdetu zidan ea teknika tradizionala ote zen edo albokariek jazz musikariengandik kopiatu ote genuen.) Beiraren puztean erabiltzeaz gainera, haizezko musika tresna tradizional ugarik erabiltzen duten teknika da.

b) Aurreiritziak baztertzea: ez da zaila

Beti esan izan denaren kontra, teknika zabaldu eta ustez zahar horrek zailtasunak ezabatu nahi ditu eta ez handitu. Izan ere, esan genezake, behin teknika ikasiz gero, alboka jotzeak ez duela gehiago nekatzen, beste edozein haizezko musika tresna modu estandarrean jotzeak baino gutxiago beharbada. Albokaren zailtasuna "arnasaldian" dagoela dioen mitoak albokariek beraiek bultzatu dute hantustea izateko, eta baita musika tresnaren berezitasuna gailendu nahi izan zuten folkore zale askok ere. Ez da ordea onuragarria izan albokarentzat, alderantziz baizik.

Baina ez soilik esan denak (6), baizik eta albokariek ere egin dutenak auzia handietsi besterik ez dute egin. Irakaskuntza sistema tradizionala honakoa zen: xaboi ura zuen edalontzi batetik burbuilak atera behar ziren kanabera batetik putz eginez, azalpen gehiagorikgabe. Ikusiko dugun bezala, metodo honen alde ona hau da, alegia, maisuak ez badaki hobeto azaltzen zer egin behar den, ikasle batzuek bere kabuz ikasiko dutela (baldintzapen operantearen printzioaren aplikazio inkontzientea da), eta alde txarra da askok amore emango dutela. Horrekin gaiaren zailtasuna baieztu ohi da itxuraz.

Guri garbi hitz egitea dagokigu: ez da zaila, ez eta albokarekin alderdirik zailena ere.

Beharrezko ariketak aurkituko dituzu nire web orrian (http://alboka.net/).


1.4 Alboka eta bere zatien neurriak (7)

Alboka tradizionalak "begi neurriz" eginak daude, eskura dauden gaiekin. Hodien barruko diametroa alda daiteke batetik bestera (6tik 8 mm-ra, 7 mm izanik egungo estandarra) eta, ondorioz, fitena. Garrantzi handikoa da fenomeno akustikoa: zenbat eta estuagoa izan hodia, albokan bezala, orduan eta murriztapen gehiago ezartzen dizkio hots iturriari. Fitaren luzera, eta bereziki, mihiarena, hodiarenarekiko proportzionala izan behar du, bestela ez du hots egokia izango. Luzera hau (130 eta 166 mm artekoa) albokariaren eskuen mende zegoen: zuloak (3,5 eta 5,5 mm arteko diametroarekin) distantzia berera egiten ziren, hatzak ondo erortzen ziren tokian eta hodiaren luzera osoak muturreko zuloen arteko distantziarekiko proportzio bera gordetzen zuen (8 ).


1.5 Albokaren eskala

1.5.1 Abiapuntua

Asko hitz egin da gai honen inguruan, oinarri gutxirekin zoritxarrez. Oinarri akustikoa ondorengoa da: fitak igortzen duen hotsa bere bibrazioaren mende dago, eta hau aldatu egiten da hots hodia luzatzerakoan (honen muturra arte edo irekitako zuloren batek eten baino pixka bat haratago). Adierazi dugu jadanik albokaren hodi estuek fitaren neurriak inposatzen dituztela.

Luzeran dauden aldeak, beraz, eskala apalagoetan gauzatzen dira hodiak zenbat eta luzeagoak izan. Kontuan izanik aurreko oharrak, ez litzateke zaila kanpo lanetan aipatutako neurri guztietako albokak a priori berregitea eta horrela ondorioz ateratzea aipatutako eskala asko benetan egon ote ziren edo ikertzaileen akats metodologikoen erruz ote diren, haiek neurtzeko fita desegokiak erabili zituztelako edota afinazioa doiturik gabe. Zenbait kasutan ziur egoteko arrazoiak badaude. Hobeto ulertzeko, ondorengoa aztertu behar dugu:

a) Iritsi zaigun eskala:

Leon Bilbaoren alboka tradizionalaren tarteak (tonu maior eta minorren artean bereizketarik egin gabe) hauek dira:
 
Tonuak (apalenetik garaienera):

Oharra: Zenbaitetan Leonen alboka egungoa bezain garaia zen, La-n hasita (=440 Hz.)

1.

La bemol 

2.

La eta si bemol artean

3.

Do bemol

4.

Re bemol 

5.

Mi bemol 

6.

Fa 

Tartea tonuetan:
3/4
3/4
1
1
1

Txilibrinen eskala, berriz:
 
Tonuak (apalenetik garaienera):

Oharra: Hirugarren gradu "neutroa" (ez maior ez minor) 1.ari dagokionez Azkuek jo zuen (1922, 977 eta 364 orr.) hirugarren maior gisa; egungo albokan, berriz, hirugarren minor bat dugu, Leonenarenean bezala.

1.

La bemol 

2.

Si bemol

3.

Do bemol eta do artean (ikus oharra)

4.

Re bemol 

5.

Mi bemol 

6.

Fa

Tartea tonuetan: 
1
3/4
3/4
1
1

J.M. Barrenetxea eta P. J. Riezuren proposamenez (1976), eta Jose Antonio Mtnez. Osses (Otazu) eta Joseba Gastiain (Antzuola) bezalako egile berriei esker, besteak beste, gaur egun tonu erdi bat garaiago dauden albokak jotzen dira eta zulo guztiak ez dira distantzia berdinera egiten, ondorioz eskala "tenperatu" estandar orokorrari egokitzen zaio:
 
Tonuak (apalenetik garaienera): 
1.

La (=440 Hz.)

2.

Si 

3.

Do 

4.

Re

5.

Mi 

Fa sostenitua

Tartea tonuetan: 
1
1/2
1
1
1

Tarteen erregularizazioa ezinbestekoa zen perkusiozkoak ez ziren beste musika tresna batzuekin jotzeko, nahiz eta eskala Sol-en hastea ere aukera zitekeen (9) La-n ordez. Tonu erdiko aldeagatik bereizten da gaur egungo albokaren tinbrea alboka tradizionaletik, ez horren distiratsua baina biribilagoa.
 


b) Digitazioa albokan:

Sailkapena:

Azaldu dugu jadanik nola heltzen zaion musika tresnari. Nola estaltzen eta desestaltzen dira zuloak ordea hotsak lortzeko? Ikus dezagun eskematikoki (eskuina denarentzat eta hatzak asko altxa argiago ikustearren):

1) Oinarrizko digitazioa edo itxia (Leon Bilbao):
 
 SOINUAK


 
EZKERREKO TUTUA "LA - LA" ESKUINEKO TUTUA. EZKERREKO TUTUA "SI - SI" ESKUINEKO TUTUA.
 

 
EZKERREKO TUTUA "DO - DO" ESKUINEKO TUTUA. EZKERREKO TUTUA "RE - RE" ESKUINEKO TUTUA.
 

 
EZKERREKO TUTUA "MI - LA" ESKUINEKO TUTUA. EZKERREKO TUTUA "FA# - LA " ESKUINEKO TUTUA.
 

Posizio bakoitzean hatz bat bakarrik altxatzen da. Digitazio "itxia": hala izaten jarraitzen du nahiz eta esku bakoitzeko hatz bat altxa, mugimendu bakoitza hots bati baitagokio, hodi desberdinetako zuloak desestaltzerakoan. Ohar zaitez notazioan, kako arteko La alde batera utz daitekeela.

Digitazioak "itxia" behar du izan esku bereko hatz bat baino gehiago aldi berean altxatzen denean. Orduan izango da:

2) Irekia: hodi bateko zulo guztiak elkarren segidan edo aldi berean altxatzen direnean (esku bat) haren bukaeraren eta eman nahi dugun notaren artean. Albokari batzuek erosotasunagatik erabili ohi dute (gomendagarria da ere alboka afinatua ote dagoen egiaztatzeko &#x0096afinazio diagnosia). Honela Txilibrinek:
 


 
"DO-DO" "RE-RE" (GORANZKOA SOILIK)

3) Erdirekia edo erditxia: esku (hodi) bereko bi hatz altxata gelditzen dira. Normalean nota bat entzuten den bitartean prest gelditzen da hurrengorako posizioa. Leon Bilbaok honela egiten zuen:
 


 
"RE" ETA ONDOREN "SI". "RE" ETA ONDOREN "DO".

"FA" ETA ONDOREN "MI"

Aplikazioa: Ikusten dugu oro har oso ahalegin gutxi egiten dela. Horregatik digitazio "erdirekia" erabiltzen duten albokaren bi bitarteko musikal daude:

1. Txioak, erditxioak eta bi "noten" alternantzia gutxi asko arinak, eskalaren graduan berehalakoak izan edo ez, betiere haietako bat ezin bada soilik hodi ezkerretik lortu eta bestea bietatik.

2. Mordenteak edo nota oso laburrak beste baten hasieran. Mordentea hodi ezkerrarekin egiten denean eta beste nota ez, biak aldiberekoak dira (eta digitazioa itxia), gainerako kasuetan oso bizkor egiten dira bata bestearen atzetik (eta digitazioa erditxia).

Horregatik, hodi ezkerra ez da soilik "melodikoa" eta eskuina "pedala" edo "apalen berbikoizketa" (Barrenetxea & Riezu, 1976-ko deskribapenaren kontra). Askotan doinua eskuineko eskuarekin jotzen da eta ezkerrak, berriz, dagozkion apaingarriak egiten ditu: mordenteez gainera, betiere beheranzkoak errepertorio tradizionalean, eta hiru funtzio dituztenak (nota bera bikoiztu, bestela jarraia litzateke; zenbait nota azpimarratu eta sekuentzia erritmiko bat markatu), duoak egin daitezke eta haietan bi eskuetako edozeinek lehen ahotsa egin dezake. Posizioak, kasu batean eta bestean hauek dira:

Oinarrizko digitazioa: aldibereko mordenteak eta duoak.

Oharra: Ez ditugu segidazko mordenteen posizioak jarriko: esku bereko edozein bi hatz aldi berean altxatzen dira, gero ziztuan mordenteari dagokiona soilik jaisteko. Albokaren errepertorio tradizionalean beti dira beheranzkoak. Era berean altxata gelditzen dira une batez esku bereko bi hatz txioak eta erditxioak egiten direnean.



 SOINUAK

 
HODI EZK. MI-SI HODI ESKUIN. HODI EZK. MI-DO HODI ESKUIN.
 

 
HODI EZK. MI-RE HODI ESKUIN. (MORDENTEAK SOILIK) HODI EZK. FA#-SI HODI ESKUIN.
 

 
HODI EZK. FA#-DO HODI ESKUIN. HODI EZK. FA#-RE HODI ESKUIN.
 

Ikusten dugun bezala, egin litezkeen konbinazio batzuk tradizioz mordente gisa soilik erabili dira. Arrazoizkoa da MI-RE duo bat luze ez mantentzea, disonantea delako. Badaude beste aukera batzuk eskuineko eskuarekin aldi berean bi hodiak estaltzeari uzten badiogu, lan honetan gure planteamendutik kanpo gelditzen dira ordea.

1.5.2 Eskalari buruzko laburbiltzea.

Ondorio bat gailentzen da: duoetan oso gutxitan erabiltzeaz gainera, eskalaren 5. eta 6. graduak lehenengoarekin bat doaz. Baina, 1. eta 5. graduen arteko tartea bosteko justu bat da (3/2 arrazoia) bizirik iritsi zaigun alboka tradizionalean (modu ezin hobean Leon Bilbaon). Tarte honetako kontsonanzia giza belarriaren antzemate unibertsala da: ez dugu uste tarte hori desdoiturik duten albokek belarrira ondo ematen dietenik ez albokariei ez entzuleei (hobe da hots-bakarrekoak desdoitzea: Txilibrin kasu askotan); eskalaren gainerako tarteetan egon daitezkeen alde txikiak zein diren ere. (10)

Izan ere, luzera desberdinak dituzten hodiekin alboka eskalak berregin litezke, inoiz ezagutu eta entzun ez ditugunak, aurkitutako proportzio matematikoaren arabera zuloak eginez (ikus 8 oharra) eta eskalako 1. eta 5. graduen arteko bosteko tartea errespetatuko luketen fita batzuk akoplatuz.


2. ALBOKAREN TRADIZIOA


2.1 Albokariak (edo "albokeroak")

Gaur egun albokaz dakiguna bi bideetatik iritsi zaigu: oraindik bizirik dagoen tradizio batetik, nahiz eta seguruenez atipikoa izan, eta azterketek eta folkloristek emandako datuetatik (ikus bibliografia).

1918an jadanik, Resurrección María de AZKUEk, bere Cancionero Popular Vasco izenekoan argitaratutako hitzaldi batzuetan, "oso albokari gutxi gelditzen da jadanik" deitoratzen du. Seguruenez ez ziren inoiz asko izango. Edonola ere, mende honetako eta aurreko albokarien aipamen osatuena Barrenetxearena da. Bertan 34 albokari aipagarrien izen-deiturak agertzen dira (1976, 106 or.), eta beste hiru errepertorioaren igorle gisa (107 or.). Gainera, beste lau ezagun eta lau ezezagunen apaimenak egiten ditu han-hemenka. Zerrenda honetan ondorengoak falta dira: Juan Lekue, dimatarra eta Deustuan bizia, duela urte gutxi zendu zena, eta Juan Otxandio, Larrabetzun bizi izan zen usansolotarra, 2000 urtearen erdialdean utzi gintuena.

Zerrenda horiei jarraituz, albokaren ingurunea Gorbeiako Mendigunea, Aizkorri (11) eta Urbasako mendikatea dira, artzainen lurraldea aspaldi-aspaldidanik. Albokaren sailkapena "artzain" musika tresna gisa azaldu beharreko okerreko topikoa da. Bainesen (1960) iritziz, kontinente zahar osoan duen banaketa geografikoaren arabera, musika tresna mota honek jatorria du gizarte abeltzain nomada neolitikoetan, esan dezagun "artzain" gizarteetan. Baina hortik albokari guztiak artzainak direla esatea gehiegitxo da. Leon Bilbaok esaten zuen: "Artzainak? Igual berba egin be ez artzainekaz!" Albokari ugari izan da artzain, asko ordea baserritarrak ziren. Baita Juan Otxandio eta Juan Lekue ere, hark esan zigun moduan, mutiko zelarik, egunero eramaten zituen ardiak mendira, baina ez hitzari egokitu ohi zaion zentzuan, mendian egindako egonaldi luzeekin edo baita transhumantziekin ere, alegia. Egokiagoa deritzogu esatea albokaren ingurune tradizionala baserrikoa dela eta ez artzaintzakoa.


2.2 Albokaren ahaideak

Klarinete bikoitz asko dago kontinente zaharrean, bakarra ezagutzen dut ordea benetan albokaren antzekoa dena, bost zuloduna hodi batean eta hiru bestean (izan ere bost ere bai, baina bi argizariz estalita), nahiz eta boltsa bat izan, zenbait tokitan izena ematen diona: Turkian (tulum); eta Grezian (aski). Adhzaria-n chiboni edo chiponi du izena, eta stiviri Georgian.

Nahiz eta bere eskala albokarenaren oso antzekoa izan, Baines berak (1960, 45 or.) adierazten du musika formak erabat desberdinak direla kasu batean eta bestean.

Iberiar penintsulan ez dago albokaren hurbileko ahaiderik: Madrilgo mendilerroko gaitak hodi bakarra du eta lau (batzuetan bost) zulo. Ibizako xeremies delakoek zulo kopuru bera dute (bost) bi hodietan. Eskala ez da bera eta ez dira hots eta putz jarraiekin jotzen.

Eta "albogue" delakoa zer? Azkuek "albogue" eman zuen "albokaren" itzulpen gisa. Harrezkero askok deskribatu dute gure alboka erretratatuz, baina ez dago horren oinarririk Gaztelako literaturan: El Quijote lanean zinbalo antzeko batzuk dira; beste testuinguruetan "gaita" edo "txirimia"-rentzako hitz gutxi asko generikoa dirudi. (Ikus Ramón Andrésen Diccionario de instrumentos musicales, Bartzelona, Vox, 1995).

Zenbait egilek (ez ordea P. Jorge de Riezuk) jakintzat eman dituzte gauza batzuk:

1. "alboka" eta "albogue"-ren erro etimologikoa (al bûq-a) arabiar bera dela; eta

ondorioz

2. musika tresna bera izan behar dutela.

Aranzadik nahiz Barrenetxeak (1)-en aurkako argudioak ematen dituztenean honengatik egiten dute, alegia, zalantzan jartzen ez dutelako premisa gisa onartuz gero, (2) nahitaez ondorioztatzen dela. Guk, ordea, uste dugu (2) eutsiezina dela eta (1) berriz, hala izan litekeela: ez dago halako lotura logikorik bi proposizioen artean.


2.3 Albokaren musika tradizionala

2.3.1 Jatorriak

Aipatu ditugun albokari tradizionalen zerrendak alde batera utzita, ez dugu Leon edo Txilibrinek baino hobeto jotzen zuenik ezagutu. Nik entzun dudan maila beretsuko antzeko grabazio bakarra albokari izengabe batena da, (beharbada Txilibrin bera), García Matosek berrogeita hamarrenetan egina. Hala ere, grabazio horrek baieztatzen du Leon Bilbaok esaten zuena: albokari bakoitzak doinu pare bat jotzen zuen, ez gehiago. Eskura ditugun jatorriak honakoak dira:

1. Leon eta Txilibrinen errepertorioa, gutxi gora behera sortu den gehiena bilduko lukeena. Grabazio ugari daude, komertzialak nahiz kanpo lanetan bildutakoak.

2. Gipuzkoar albokarien errepertorioa, forma libreagoekin beharbada, erromerietako soinujole eta dultzaineroekiko leiharen ingurunera gutxiago egokituak.

3. Barrenetxearen & Riezuren transkripzioak (1976), han dago aurreko gehiena eta gehiago agian.

4. Alboka doinu gutxi batzuk Azkuek bere Cancionero popular vasco (1922) lanean bilduta.

5. Eskusoinura egindako egokitzapenak -trikiti(x)a-, batez ere Fasio Arandiarenak.

Hala ere, zoritxarrez, Bizkaiko beste albokari on batzuen grabazioak falta zaizkigu, egon badaude edo egon daitezkeen arren, horietako batzuk jardunean ibili bait ziren oso denbora berrietara arte; 1968 baino beranduago utzi gintuzten, adibidez, Jose Maria Bilbao, Antonio Aiesta "Jitano", Juan Jose Amundarain "Jose Muñegi", Benito Iragorri, eta Alfonso "Pontxo" Orue, besteak beste. Bosgarren hamarkadan desagerturiko albokariak ere grabatu ahal zituzten zeuden magnetofono gutxiek edo zinema eta atzerriko telebisten kamerek: Alejo Etxezarraga, Tiburtzio Elezkano, Inazio Uribarri "Andaluze" edo Alejo Gurtubai "Barberue", esaterako. Alboka behin betiko suspertzeko, erakunderen batek aztarna guztiok bilatu eta argitaratzeari ekin diezaion ezinbestekoa izango litzateke, J. Mariano Barrenetxeak grabatu eta kontu handiz babesturiko korpusetik hasita.

2.3.2 Ezaugarriak

a) Erritmoak

Abesti eta doinu sui generis batzuez gainera, errepertorio tradizionaleko pieza gehienak hiru erritmotan biltzen dira:

1. Hirutarra: jotak batez ere (A=8 konpas errepikatuak, B=8 konpas errepikatuak, C= 28 konpas 7 puntuko kantuz edo koplaz lagundurik) eta fandangoren bat (8, 16, edo 32 konpaseko zatiak).

2. Bitarra: porrusaldak batez ere (A=8 konpas errepikatua, B=8 konpas errepikatuak, C= 20 konpas 5 puntuko kantuz edo koplaz lagundurik).

3. Bitarra zatiketa hirutarrarekin: martxa, kalejira edo biribilketa erritmoa.

b) Tonalitatea

Errepertorio tradizionalak albokak zulo guztiak itxita dituenean tonika gisa ematen duen nota erabiltzen du etengabe, eta 5. gradua dominante gisa. Egungo albokan modu doriko bati legokio, edo La minor tonalitate bati seigarren handituarekin. Hala ere, ikusi dugu Txilibrinena bezalako eskala batekin, hirugarren gradu neutroarekin, belarri akademikoek tonu maior gisa hartuko luketela: Sol maiorra Azkuen (1922, 364 or.).

c) Estiloa

Albokaren berezko estiloa bere hots jarraiaren eta bikalamoa izatearen ondorioa da; ezin daiteke "apaingarririk gabe" jo, haietan (mordenteak, erditxioak, duoak eta noten pikatua digitazioaren bitartez -ezin baitaiteke jadanik beste modu batean egin) oinarritzen baita askotan doinuaren bizitasuna: noten bereizketa, erritmoa, aukera polifonikoen erabilera&#x0085 Baliabide horiek guztiak beharrezkoak dira horren eskala mugatua duen musika tresna batentzat, ez baita zortzigarrenera iristen. Albokarekin "ezin daiteke dena jo", bai ordea orain dela gutxi arte jotzen zena baino askoz gehiago.


2.4 Egungo alboka

Egungo alboka tradizionalaren barruan kokatzen dugu: zalantzazko garai baten ondoren, musika tresna jendarteratu egin dela esan genezake. Estilo tradizionala bete-betean mantendu du, nahiz eta aukera polifonikoak garatu dituen, apaingarri mota berriak sartuz eta digitazioa korapilatsuagoa eginez (zulo erdiak estaltzea, hodi bat bai eta bestea ez&#x0085) Errepertorioa erruz eta zentzuz handitzen ari da egitura tradizionala duten edo ez duten musika lan berriekin, Euskal Herriko eta beste herrietako doinuen egokitzapenarekin (12), eta tonalitate gehiagotan joaz. Txilibrin berak duela urte gutxi esaten zuena, "hori ez da alboka" esatetik "lehen beti jota, porrue ta martxa. Orain yo behar dana da «cansiones» de Euskalerria" esatera pasa da. Espero dezagun Leon Bilbao zuzen zegoela albokari hasiberriak onak edo txarrak ote ziren galdetu zitzaionean: "hobeak izango dira".


3. OINARRIZKO DISKOGRAFIA

1. Alboka tradizionalaren grabazio onenak:

Leon Bilbao:

ARRATIA (1975): Arratia. Herri musika sorta, XV. Edigsa.

KARDANTXA (1977). Movieplay.

BAI EUSKARARI (1978). Jaialdiaren grabazioa.

LEON, MAURIZIA, FASIO (1979): Alboka eta trikitixa. Bilbo: Xoxoa. Ondoren (1998) CDn LEON... -ekin batera (1988). 1979ko emanaldiko beste grabazio batzuk agertzen dira madrildar berrargitalpen batean.

BELTRAN, Joan Mari (ed.) (1985): Euskal Herriko Soinu tresnak. Donostia: IZ. Ondoren CDn. Beste grabazio batzuk titulu bera duen garrantzizko bideo batean.

LEON, MAURIZIA ETA BASILIO (1988). Donostia: Elkar. Ondoren (1998) CDn LEON...-ekin batera (1979).

Silbestre Elezkano "Txilibrin":

GARCÍA MATOS (1978): Magna antología del folklore musical de España. Madril: Hispavox. Argitalpena CDn: 1992. Grabazioa berrogeita hamarreko hamarkadakoa da.

ANTOLOGÍA DE INSTRUMENTOS VASCOS (1971). Columbia, CPS 9133.

TXILIBRIN & BALBINO (1975, 1988): Trikititxa (Sic). Madril: Columbia. BMG Ariola-k berrargitaratua.

NUKLEARRA? EZ, ESKERRIK ASKO (1980). "Herrikoi topaketak" jaialdiaren grabazioa. Donostia: IZ.

Mikel URBELTZ (1995) Berrizko itsuari. Donostia: Ikerfolk-Elkar. Funtsean Barrenetxea & Riezu (1976)-ko errepertorioa biolinarekin joaz. Alboka Txilibrinek eta Daniel Larak.

DANTZAN: Gorbeialdean. Galdakao: Bolingozo. (Bideoa.)

LA TRADICIÓN MUSICAL EN ESPAÑA. I (1992):La cornisa cantábrica. XIV (1999): Instrumentos tradicionales. Madril: Saga.

Albokari izengabeak:

GARCÍA MATOS (ed.): Anthology of Spanish Folklore Music (Produced in conjuction with UNESCO). Los Angeles, CA: Everest Records 3286/4. Grabazioak GARCÍA MATOS-en (supra) agertzen diren berberak dira, trikiti(x)az (akordeoi diatonikoaz) eginiko jota bat eta, hain zuzen ere, albokazko porrusalda zoragarria salbu. Albokari Txilibrin izan zatekeen, García Matos-en beste grabazioetan bezala, baina badaude berriz entzun ez zaizkion xehetasunak.

LOMAX, Alan (ed.): Songs and Dances of Spain, vol 6: The Spanish Basques. Westmister WF 12006. Grabazioa 1952ko abuztukoa da, ez dakit noizkoa den argitalpena. Pandereta jolearen izena besterik ez dakigu: Arantza Goichi (sic). Manu Gojenola-ren aburu, albokaria Andoni Goikoetxea bide da. Edozein kasutan, biribilketa ez dago txarto, baina porrusalda kaxkarrak hurrengo atalean sartzeko gai egingo luke.

LOMAX, Alan (ed.): Spanish Folk Music, in The Columbia World Library of Folk and Primitive Music, vol XIV. Rounder etxeak berrargitaratua (1999). Aurreko porrusaldaren beste argitalpen bat.

2. Alboka gainbeheran:

BARRENETXEA, J.M., ZULOAGA, Romualda & ARRIETA, Marcelo (1964): Alboka. Bailables vascos. Bilbo: CINSA.

DANTZAK (1978): Herri musika sorta, I. Donostia: Ots. Albokari izengabea.

3. Egungo alboka berreskuratua:

AZALA, LAUBURU, IZUKAITZ, EXKIXU... eta beste hainbaten saioen ondoan (batzuk aurreko atalean sartu behar litezke) alboka biziberritu egiten da egiaz OSKORRI, TXANBELA, KEPA JUNKERA, TOMÁS SAN MIGUEL... -en lanetan. Aipagarriak:

IBON KOTERON & KEPA JUNKERA (1996): Leonen orroak. Donostia: Elkar.

ALBOKA (1998): Bi beso lur. Hernani: Aztarna. Alan Griffin bikaina alboka jotzen.

JOXAN GOIKOETXEA & JUAN MARI BELTRAN: Beti ttun-ttun. Orereta-Rentería: NO-CD.

GASTEIZKO FOLKLORE ESKOLA: Música autóctona vasca. Albokaria: Karlos Subijana.


4. BIBLIOGRAFIA HAUTA

ANDRÉS, Ramón (1995): Diccionario de instrumentos musicales. Bartzelona: Vox-erena.

ARANZADI, Telesforo de (1916?): "Alboka y Albogues", Euskal Herria-n, 152-158 orr.

AZKUE, Resurrección María (1922-3): Cancionero popular vasco. Eskuko argitalpena. Euskaltzaindiaren berrargitalpenagatik aipatzen dugu, Bilbo 1990.

BAINES, Anthony (1960): Bagpipes. Oxford: Pitt Rivers Museum. 3. argitalpenagatik aipatzen dugu: 1995.

BARRENETXEA, José Mariano & RIEZU, P. Jorge de (1976): Alboka. Entorno folklórico. Lekaroz: A. Donostia Artxibategia.

BARRENETXEA, José Mariano (1983): La alboka. Eusko Ikaskuntzaren Separata.

BARRENETXEA, José Mariano (1986): La alboka y su música popular vasca. Egileak egindako argitalpena.

BELTRÁN, Joan Mari (1996): Soinutresnak Euskal Herri musikan. Orain.

BIKANDI, Sabin & SANTAMARÍA, Jabi (1997): Uztarri. Alboka doinuen bilduma. Gasteizko Udala.

LOPEZ DE ELORRIAGA, Jose Maria (1969): "La alboka". Artikulu bi daude Boletín de la Sociedad Excursionista Manuel Iradier-en, 102. zk. ( 33-44 orr.) eta 104-105 zk.ak (22-29 orr.). Gasteiz.

GARCÍA MATOS, Manuel (1956): "Instrumentos musicales folklóricos de España", Anuario Musical-en, Bartzelona, 123-163 orr.

KOTERON, Ibon (1999): "La alboka. Clarinete doble tradicional de Euskal Herria (País Vasco)", Interfolk-en, 2. zk. (31-34. orr.)

VARELA DE VEGA, Juan Bautista (198?): "Anotaciones históricas sobre el albogue", Revista de folklore-n, Valladolid, 21-27 orr.


 


(1) 
Izan ere, BAINES-en (1960) arabera, alboka da uztarria edo gainerako zatien euskarria izan arren, boltsa ez duen mota honetako musika tresna bakarra (ez da bag-pipe-a). Ikus Ramón Andrés-en Diccionario de instrumentos musicales: Bartzelona, Vox-ena, 1995.
(2) 
Leon Bilbaok bere bularreko ilea erabiltzen zuen eta guk txantxak egiten genituen horren kontura: arrazoi omen dute alboka jatorriz arabiarra dela diotenek, "lehoi ileekin" egiten baita. Mitoaz gorabehera, zaldi zurdak oso lodiak dira eta gehiegi altxatzen dute mihia: aireak ihes egiten du eta ezin da putz egin. Nik nahiago dut nylonezko haria.
(3) 
Zikoina hankarekin egindako aleren bat ere ezagutzen da.
(4) 
Animalia zaharregia bada, adarraren punta gogortu egiten da, eta guk hutsa behar dugu: Leon Bilbaoren arabera, hiru eta sei urte arteko behi adarra izan behar du.
(5) 
BAINESen agertzen den alboka (1960, 12 zk. irudia, IV lamina) horren adibidea litzateke, hodiak trukatuta baititu. Horrek bere logika izango luke albokari ezker batentzat egina balego. Ez litzateke, kasu horretan, "muntaia akats" bat izango Mariano Barrenetxeak menturaz esaten duen bezala (1976, 5 or., 6 zk). Kontua da ez dela ez bata ez bestea, liburua inprimatzerakoan fotolitoa alderantziz jarri zutela besterik ez. Froga: BAINESen liburuaren 49 orrialdean, 26 irudian alboka horren eskema agertzen da eta bere hodiak gainerakoetan bezala antolatuta daude; horrela adierazten da gainera testuan.
(6) 
"Arnasaldia" da Azkueren (1922) albokariaren ipuin ospetsuaren gaia. Albokariak egun osoa jotzen du Parisko kalerik luzeena zeharkatzeko, apustuan irabazi nahi duen mando edo zaldiaren gainean. Albokaren errepertorio tradizionalaren kopletan agertzen da.
(7) 
Oinarrizko datuak: BARRENETXEA J.M. & RIEZU, P.J. (1976, 15 or.)
(8) 
Barrenetxeak aztertu zituen hirurogei alboka baino gehiagoren artean (1976, 15 or.), hodi luzeenak zituztenek 166 cm neurtzen zuten, muturreko bi zuloen artean 106 cm zeuden; 83 cm-ra murrizten zen 130 cm-ko luzera zuten hodietan: bi kasuetan proportzioa 1,566koa da. Kointzindentzia harrigarria!
(9) 
Sol apal samar batean hasten da García Matosek berrogeita hamarretan grabaturiko albokariaren eskala. (Ikus GARCÍA MATOS (ed.): Anthology of Spanish Folklore Music.) Albokaren eskalaren inguruko eztabaidei buruzko argibide gehiago aurkituko duzu nire web orrian.
(10) 
Jesús de LARREA y RECALDE-ren, (1930: "La alboka", en Euskalerriaren alde, nº 20, Donostia) ustezko Fa#, Sol, Sol#, La#, Si#, Do# eskalak, 1. eta 5. graduen artean bosgarren txikitua emango luke, albokaren moduko errepertorioan kokapenik ez duena. Akatsa ageri da, baina ulergarria da: egiaztatzen dena ez da horrelako alboka baten existentzia, baizik eta folklore zaleak hodietako bat estali, eta &#x0096pedala baztertuz &#x0096 eskala apuntatu zuela, egokitu gabeko fita batek emandakoa, eskala desdoitzen zuena, desafinaturik zegoena hitz batean. Beharbada ez da kasu bakarra izan. 
(11) 
Egia ote gipuzkoar albokariek arratiarren eskuetatik ikasi zutela, Azkuek dioenez (1922, 258 or. oharra) idiziabaldar batek esan omen zion bezala?
(12) 
Albokariek beti egin izan dute gauza: ikus Azkuen (1922, 257 or.) nola batek "la gallegada" jo nahi zuen, nahiz eta horretarako hedadura nahikoa ez izan. (Esan dezagun bide batez, transkripzio horretako fa#-k sol izan behar duela, albokak berez ez baititu zazpi nota ematen.)