Joan
Navarro
(Oliva, 1951)
MOIRA
MOIRA
Kehren die Kraniche wieder zur dir?
F. HÖLDERLIN
Izotza ezpain artean. Suak
ihes egiten du ene gorputzetik. Gudua galdua dago eta ezinezko hitzaldi
bati ekiten diot. Ilargia zutabeen artean mugitzen zen. (Ikusteko
sentsazioa izan, eta zentzuen bestaldearekiko mutu geratu, ilargiak zutabeen
artean dantza dagien bitartean, eta gurdia, hilerrira bidean, euriak lokatza
artean agerian jarri dituen oilarbuztanen bulboak zanpatzen. Orain da eta
inoiz ez. Hitzaldi ezinezko hau. Hitz egin ezin daitekeenaz hitz egin,
lengoairen eskeletoaz maitemindutako Vienako filosofoaren aholkuari jaramonik
egin gabe. Orain da eta inoiz ez: zuek ez daukazue ene begiradako sua ikusterik.
Zauritu egin naute, zauritu egin naute. Odolez zikindua dut bularra. Ilargiak
ene azala erretzen du, argia erretzen du. Gurdiak ene gorputzeko egurra
darama. Zergatik egiten duzue negar? Itzal artean nabil eta hotza ukitzen
dut ene ezpainen zauriez. Planeten herrialdea begizeatzen dut, esferen
dorre eskerga, haizearen kantu antzinakoa basoa zeharkatzen duenean, lurraren
erraietan areto mineral zabalak argiztatzen dituen aizkora. Uretan ikusten
dut ene ihardespenaren irudia. Suzko gurpilek ematen diote su gauari, zeruetatik
eskegitako hagak erretzen, gar biziko errautsen antzeko ahateak muga konturik
batere ez dakien espazioa zeharkatzen. Non ezkuta nezake ene oinazea, arima
jaten didan pena hau, basamortu hau, paisaia desolatu hau? Norena da ahots
hau? Nork esan dit, ezkutaturik: Jaurti zure ogia uretara, bete lurra
zaldiz eta gero ihes egin, lasterka egin, ezkuta zaitez hautsetan!
Suzko gurpilek ematen diote su gauari eta sutan daude zeruak. Heriotza
izaren gainean zabaltzen da larrua jo eta gero: bi ezeztapenen artean isiltasunezko
hutsunea zabaltzen da. Oi, ene begiak zaldien zangoen azpian, martxoko
lokatzen eta zelaiak zauritzen dituen ilargiaren uztaiaren artean zabaltzen
ari diren oilarbuztanak! Itzuliko ote dira bihar erroiak lurralde haiek
betetzera? Alferrikako eta ezinezko hitzaldia hitzak salbatuko zaituela
uste duzunean; gramatika eta Jainkoa asmatu ditugu, baina azarean jaurtikitako
dadoak ditugu agintari. Nori hitz egiten diozu, hitzaldia bizitza ez dela
jakinaren gainean?)
Translated
by Octavi Monsonís and Juan Luis Zabala
Hegats,
11 (1994) - Maiatz, 31-32 (1994)

|
|